XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nabarmentzekoa da, bereziki, herri-aginteek kirol-praktika bermatu beharra dutela laguntza pribatua sustatuz.

Kirolerako ekonomi baliabideak eskuratzeko, sektore pribatutik lortu behar da finantzazioa, ekintza publikoaren osagarri izan dadin.

Printzipio gidari berriak sartu dira, halaber, kiroletik indarkeria erauzteko, emakumea kirolean maila guztietan sartu ahal izateko baldintzak bultzatzeko, dopatzea zigortzeko edo, adibidez, unibertsitatean kirola sustatzeko.

III.- II. tituluak, Estatuaren eta gainerako autonomia-erkidegoen legeen egitura jarraituz, kirolaren lehiaketa-antolaketaz dihardu, azaroaren 25eko 27/1983 Legearen ondorioz onartutako jarraibideetatik abiatuta (lege hori Autonomia Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira Lurraldeetako Foruzko Jardute Erakundeen Arteko Harremanei buruzkoa da).

Oraingo legeak aurreko legearen ildo beretik sakondu du eta eskumeneko arloak zehatz-mehatz mugatu ditu, 5/1988 Legearen indarraldian izan diren interpretazio-desadostasun ugariak ekiditeko.

IV.- III. titulua euskal kirolaren elkartze-egitura antolaketa-arlo guztietan arautzeari buruzkoa da.

Hainbat gauza berri dakartza araudi berriak. Aipagarria da, lehenik eta behin, kirol-sozietate anonimoei egiten zaien beren-beregizko aitorpena.

Bigarrenik, federazio-sarea berregituratzea pentsatu dugu, orain arte neurri desegokikoa izan baita eta arazo bereziak izan baititu. Federazioen atomizazio kezkagarriari konponbidea bilatu nahi izan diogu, kirol-federazio asko baititugu Euskal Autonomia Erkidegoan ia ezarpenik gabekoak eta kirol-jarduera urria kudeatu dutenak, altxor publikorako onartezinak diren kostuekin.

Horrenbestez, baldintza berriak ipini dira kirol-federazioak sortzeko, eta behar bezalako ezarpenik ez duten kirol-motek ez dute aukerarik izango kirol-federazio bihurtzeko.

Horrezaz gain, lege-mailako hainbat mekanismo jaso dira kirol-federazio batzuk sortarazteko izan ziren arrazoiak desagertzean aitorpen ofiziala ezeztatzeko.

Kirol-federazioei esleitutako egiteko garrantzitsuak aintzat harturik, herri-administrazioaren ordezkari laguntzaileak baitira bakoitzari dagokion kirol-mota antolatzeari dagokionez, hainbat manu sartu dira parte hartzeko eta kontrolatzeko, bai eta babesteko eta laguntzeko ere.

Lege berriak, halaber, kirol-federazioetako xedapenak aldizkari ofizialetan argitaratzeko nahitaezkotasuna jaso du.

Bestalde, kirol-elkartearen nozioa berritu egin da, aurreko legean izandako esperientzia txarra kontuan hartuta.